XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Batzarreko gizon jakintsuek hatsa hartu zuten, lasaitasunez, Erdiko Belarraren asmoen berri jakin zutenean.

Sarri izan ohi zituen izan ere haserrealdi eta erronkak; haietako batean hilak zituen mutil ausart baina oldarkoiegi hark bere lagunik onenetxoetako hiru.

Horrela, bada, bere lantza hartu, eta beste agurrik gabe aldegin eta urrundu egin zen Erdiko Belar.

Eguzkia laugarren aldiz jeiki berria zenean, animalia handi konkortu batekin topo egin zuen.

- Barregarri zaude bizkarrean konkor hori duzula - esan zion.

Aldegidazu bidetik, urduri jartzen nauzu eta!.

Bizkar hezurra konkorturik zeukan zaharra Bisonteen Izpiritua zen.

- Ahul askoa ematen duzu niri era horretan ekiteko - erantzun zion sosegu osoan.

Erdiko Belarrek, amorruz itsuturik, ezin izan zion utzi esan gabe: - Ez dakizu zertan ari zaren ala? Ez duzu ikusten siuxa naizena eta ezin dudala ikusi ere etsairik? - Ni etsaia nauzu ala? - galdegin zion Bisonteak.

- Ni naizen oldarkoi eta burrukazalearekin, neu ez naizen guztia etsaia dut - erantzun zion trumoika Erdiko Belarrek bularra puztuz.

Orduan lantza jaso eta animalia erraldoiari jaurti zion.

Baina sukarrizko puntak irrist egin zuen, azalean sartu gabe. Siuxa kexu zen: (...).